2012/02/07

Irutxuloko HITZAN azaldutako artikulua

Auzotarrentzat irekita dago jadanik Arantzazuko Ama ikastolako mediateka

2012/02/07
Nork
Fortuna kirol elkarteak eta Taupada sanba taldeak eraberritze lanetarako laguntza eman dute

Uholdeek kaltetuta altzariak Martuteneko Arantzazuko Ama ikastolako korridoretan ikus daitezke oraindik. Perituek euren ikuskapena bukatzea falta dela arrazoitu du Itsaso Alkorta ikastolako zuzendariak. Nahiz eta uraren indarrak azaroan utzitako arrastoa oraindik ere agerian egon, normaltasunera itzultzeko pixkanaka ari dira pausoak ematen. Atzo beste urrats bat eman zuten: Amundarain mediatekak ateak ireki zituen.
Denera, bost mila liburu, CD eta bestelako dokumentu ezertarako on utzi zituen urak. Hilabeteotan udal liburutegi saretik jasotako materialarekin hutsik geratutako eremua bete dute. Batez ere, haur eta gazte literatura jaso dutela adierazi du Itsaso Alkortak. «Egunotan, liburu eta material hori guztia katalogatzen, estalkiak jartzen eta tokia prestatzen aritu gara», zehaztu du. Ordenagailuak falta zaizkie, baina, agindu dietenez, «iristear» daudela dio ikastolako zuzendariak. Urak zortzi bat ordenagailu hondatu zituela kalkulatu du.
Albiste pozgarria izango da, hortaz, ikastolako ume, guraso irakasle nahiz auzotarrentzat mediateka berriz ere zabalik ikustea. Itsaso Alkortak nabarmendu duenez, auzoari irekitako mediateka da. 17:00etatik 20:00etara nahi duena sar daiteke eta kontsultaren bat egin edota libururen bat mailegatu dezake. Egunero mediatekan 20-25 lagun elkartzen direla azaldu du; «ikastolako haur eta familiak gehienak». Irakurtzeko ala sarean murgiletzeko gogoz den edonor sar daiteke, dena den.
Hiru hilabetero, Loiolako kultur etxearen laguntzaz, helduentzako liburu zerrenda bidaltzen diete eta nahi duenak mailegatu nahi duen liburuaren eskaera egin dezake.
Mediatekak galdu zuen martxa berreskuratzeko, udalak egindako eraberritze lanak edota Jaurlaritzak egindako ekarpena handia izan da. Are esanguratsuagoa izan da, ordea, Fortuna kirol elkarteak eta Taupada sanba taldeak eskainitako laguntza. Psikomotrizitate gela eta mediateka txukuntzeko bi mila euro inguru jaso dituztela azpimarratu du Itsaso Alkortak. «Fortunak Gabonetan antolatu zuen soinketa saio berezi batean bildutako dirua uholdeak eragindako sarraskiari aurre egiteko bideratzea erabaki zuten». Taupadak dantzaldietan jasotako diruarekin, berriz, mediateka hornitu ahal izango dutela erantsi du zuzendariak.
Azaroaz geroztik, ezin izan dute ez psikomotrizitate gela ez gimnasioa erabili. Soinketa kanpoan egin behar izan dute.

No hay comentarios:

Publicar un comentario